|
||
Aktore bat janztea, bigarren larruazal bat eginez pertsonaia dramatiko bat sortzen laguntzea, ehunez eta kolorez baliatuz izaki zinematografiko baten ezaugarriak finkatzea; horra hor zinemako jantzi-diseinatzaile baten eginkizun nagusiak.
Komunikabidea bera kultura eta informazio garraiatzailea izan den arren, arlo honetako giltzarriak jantzietan aurkituko ditugu ugarien. Zalantzarik gabe, gure ikusizko oroimenean datzan irudimenezko mundu bat sortzen lagundu dute zinemako jantzi-diseinatzaileek XX. mendean. Grekoek jantzi zuriak erabiltzen zituztela, barbaroak beti hotz zirela, far-west-eko kolonizatzaileak beti zikin zebiltzala edo bere maiestatearen espioiek dotore janzten zutela esmokina... Egia horiek inork ez ditu zalantzan jartzen, eta horretarako izugarri lagundu dute zinemak eta jantzi-diseinatzaileek. Zenbait gauzari uko egin behar izan diote, zerbaitetan amore eman, eta beti izarren izaera indartu eta komunikabidearen xarma sendotzen lagundu dute. Zeregin horretan ageriko konplize bi izan dira beti: zuzendaria, filmaren sortzailea, eta publikoa, zorrotza, bere idoloak eta mitoak nola ikusi nahi dituen beti jakin duena. "Izarren abitua" erakusketaren xedea ez da jakintza oinarriak finkatzea ezta zinemako jantziei buruzko azterlan monografikoa egitea ere. Aitzitik, zinemari buruzko ikuskizun bat sortzea du helburu, pantailetatik at. Gonbidapen bat luzatzen diegu ikusle guztiei ibilbide bat egin dezaten Claudia Cardinalek, Gerard Depardieuk, Catherine Deneuvek, Madonnak edo Romy Schnaiderrek pantailan erabili dituzten jantzietan barrena. Ikusgai jarri den bilduma beste bat izan zitekeen, baina pozik gaude aurkeztu dugunarekin, izan ere, nork geure erreferentzia aurkitu ahal izateko behar bezain zabala da eta. Bidean oztopo batzuk agertu dira, jakina: materialen egoera, pieza batzuk desagertu egin dira, fetixismoagatik edo birziklatu egin direlako besterik gabe (azken batez, zinema industria bat da...), edo artisau-lan baten eta ingurune komertzial baten arteko gatazka, horra hor aurkitu ditugun eragozpenetako batzuk. Zorionez, lantalde profesional baten lanari eta Europako jostundegi espezializaturik garrantzitsuenen laguntzari esker, urrian, Bilboko hilabete zinematografiko nagusian alegia, Zabalguneko Merkatuan ikusgai dugun emaitza lortu ahal izan da. Fundación Bilbao 700 III Millenium Fundazioa |