Kaucyla Brooke, Jane Cottis, Sadie Benning, A.S.M. Kobayashi eta Kalup Linzy Ipar Ameriketako eta Kanadako emakume errealizatzaileek talde heterogeneoa osatzen dute eta euren lana zinema esperimentalaren arloan garatzen da aspalditik. Emakume hauen azken lanek ziklo hau osatzen dute, generoak nahasten dituzte, fikzioa, dokumentalak eta filmatutako performanceak. Ikus-entzunezko hauek elkarren artean duten lotura barrea da, guztietan barrea euskarri gisa azaltzen baita kritika sakona egiteko eta helburua genero normaltasuna deiturikoa zalantzan jartzea da, queer teoriaren eta feminista postmodernoen diskurtsoaren elementu nagusia bihurtuz.
Ziklo honen barruan, bereziki, Peggy Ahweshen lanaren atzera begirakoa aurkeztuko da. 51. edizio honetako Nazioarteko Epaimahaikidea da eta zinematografia-praktika honetan aitzindaria ere bai. Bere lana oso ondo definitu izan dute bricoleur batena bailitzan eta teknologia asko erabiltzeko inolako arazorik ez du, zaharkituta daudenak eta arte digitalarekin lotutakoak erabiltzen baititu. Aurreko mendeko 70eko hamarkadan burutu zituen artista ikasketak New Yorkeko giroko Super8 zinema esperimentalaren inguruan, abangoardiako mugimendu feministen inguruan eta underground punk delakoaren inguruan. Orduz geroztik umorea eta absurdoaren bere poetika berezia erabiltzen ditu analisiak egiteko, gai sozial eta politikoko irudi eta soinuen bitartez, kultura-identitate eta genero arazoak aztertuz, eta horiekin lotuta dauden esperientzia subjektibo indibidualak erakutsiz. Atzera begirako honek bere ibilbide luzean dituen titulurik adierazgarrienak eskainiko ditu, nabarmenenak hauek: Philosophy in the Bedroom (1987), Martina’s Playhouse (1989), She Puppet (2001) eta Certain Women (2005).
Emanaldia: Guggenheim Museoko Auditoriuma
