Bilboko Zine Dokumentalaren eta Film Laburren Nazioarteko Zinemaldiak (ZINEBIk) bere lehen berrogeita hamar urteak beteko ditu aurton. Garai hartan Kanpo Harremanetarako Ministerioaren menpe zegoen Kultura Hispanikoaren Euskal Institutuak 1959. urtean sortu zuen, eta hasierako izena Iberoamerikako eta Filipinetako Zine Dokumentalaren Nazioarteko Zinemaldia izan zen. 1968. urtearen inguruan, Espainian fikzioko film laburrek gora egin zutenean, arlo hori sustatu eta bere ekintza nazioartera hedatu zuen. 1974. urtean, Film Ekoizleen Elkarteen Nazioarteko Federazioaren (FIAPFren) onespena lortu zuen, eta lehiaketa-zinemaldia izan zen fikzioan, dokumentaletan eta animazioan. 1981. urtean, Bilboko Udala zinemaldia antolatzen eta kudeatzen hasi zen.
Azken edizioan, 75 herrialdetako 2.648 filmek eman dute izena, eta egiaztatu egin dute zinemaldia munduko garrantzitsuenetakoa dela bere espezialitatean.
Honako zinegile ospetsu hauek ZINEBIko parte-hartzaileak, nazioarteko epaimahaikideak edo Ohorezko Mikeldi saridunak izan dira: Jacques Demy, Pierre Perrault, Claude Lelouch, Santiago Alvarez, Richard Lester, Barbara Kopple, Peter Greenaway, Ennio Morricone, Carlos Saura, Julio Medem, Roman Polanski, Hanna Schygulla, Anna Karina, Jane Birkin, Elias Querejeta, Arturo Ripstein edo Pere Portabella.
Berrogeita hamar urteotan, beste berrogeita hamar urtez egiteko asmoz, ZINEBIk mundu zabaleko eta, batez ere, Euskadiko, Espainiako, Europako eta Amerika Latinoko film labur eta dokumentalen zabalkundea eta biziraupena sustatu ditu. Beretzat, zinea gure garaiko gizon eta emakumeen errealitateekin ezarritako konpromisoa da. Era berean, eskakizun artistiko pertsonala ere bada, eta, horren bidez, bost kontinenteetako zinegile gazteek egunero-egunero lehen urratsak ematen dituzte industriaren bazterretatik, bizitza irudi mugigarrien bidez irudikatzeko ahaleginean.
Gaur, ZINEBIk eta antzeko beste zinemaldi batzuek arindu duten zenbait urtetako krisiaren ondoren, euskarri berriek eta informazioaren zein komunikazioaren teknologia berrien ondorioz sortutako aldaketa sakonek ikus-entzunezko egoera berritzailea eratu dute. Bertan, gainera, film laburrek eta dokumentalek etorkizuneko zinearen giltzarri asko zehazten dituzte, azken mende erdian ezaugarri bereizgarri izan diren banan-banako ausardia, originaltasun formala eta iaiotasuna nahastuta. Beti bezala, ZINEBIk lekuko pribilegiatua eta zinegile berrien beharrezko laguntzailea izan nahi du, gaur egungo garai kilikagarrietako zinearen abenturan.